Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Edmond Simeonik Coppieters saria jasoko du

2018/11/23

Azaroaren 24an, Ajaccion, abertzaletasun kortsikar modernoaren aintzidari Edmond Simeonik jasoko du 2018ko Coppieters saria

Coppieters saria izen bereko europar fundazioaren ekimena da eta saritu nahi ditu kultura- eta hizkuntza-dibertsitatea, kulturarteko elkarrizketa, autodeterminazio-eskubidea, gutxiengoen eskubideak, bakea, demokrazia eta Europaren batasuna defenditzen dituzten pertsonak eta erakundeak.

2016ko saria Alex Salmonek jaso zuen eta 2017koa Carme Forcadellek. Bihoakio besarkada handia!

Zein da Edmond Simeoni?

Edmond Simeoni egungo mugimendu abertzale kortsikarraren aita da, izan ere 1970ean Accion Regionaliste Corse lehen erakunde autonomista sortu zuen.

1975eko abuztuaren 21etik 22 bera eta ACRko beste militante batzuk Aleria herriko upategi bat okupatu zuten zeina oin beltz baten jabegoa baitzen kortsikarrek jasaten zuten diskriminazioa salatzeko asmoarekin. Frantziaren erantzuna gogora izan zen eta Kortsika osoa sutu egin zen. Gertaera hau abertzaletasun kortsikar modernoaren sorburutzat jotzen da.

1992an Corsica Nazione hauteskunde-zerrendako burua izan zen. Zerrenda hori irlako bigarren indar bilakatu zen historian lehen aldiz.

Borroka armatuari uko egitea izan da Simeoniren lan politikoaren ezaugarrietako bat. Kontuan hartu behar da 1970ko hamarkadatik 2014 bitartean FLNCren biolentzia politikoa abertzaletasun kortsikarraren adierazpenetako bat izan dela. Egoera horrek abertzaleen artean arrakalak sortu izan: batetik, borroka armatua zilegitzat jo izan duten mugimendu independentistak eta, bestetik, borroka armatuak zilegitasunik ez duela aldarrikatu duten mugimendu autonomistak.

Historiak arrazoia eman dio Edmond Simenoniren jarrera politikoari. Borroka armatuari amaiera eman ondoren indar abertzaleak, elkarlanean aritzeko aukera izan dutenean, irlako lehen indar bilakatu dira eta bertako erakunde publikoak gobernatzera iritsi dira.