Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Frantziako hauteskundeak: Martxan baino zerbait gehiago

2017/06/12

Atzo Frantziako hauteskunde legislatiboen lehen itzulia izan zen. Datu orokorretan Errepublika Martxan mugimenduaren oldea aipa daiteke edo % 52ko abstentzioa. Fronte Nazionalaren joa ez da makala izan, 110 barrutietan pasa baita bigarren itzulira, nahiz eta nekez lortuko dituen diputatu asko. Sozialisten pasokizazio aurreikusia konfirmatu egin da, sozialdemokrazia europarraren patuari jarraiki.

Hurrengo lerroetan hauteskunde horien beste datu batzuk aletuko ditugu, komunikabide handietan agertzen ez direnak.

Zer egin dute ALEn kide ditugun hexagonoko alderdiek? Ba inoizko emaitzarik onenak erditsi dituzte. Alderdi horiek 5 ordezkari izango dituzte bigarren itzulian. Halaber, 2012an Union Democratique Bretonek babestuta eserlekua lortu zuen Paul Molac-ek, % 54 lortuta berretsi egin du, oraingoan Martxanen etiketarekin aurkeztu arren.

Kortsikan jo dute goia. Mediterranioko irlako 4 barrutietatik 3tan bigarren itzulira pasa dira Pe a Corsicako hautagaiak, bietan buru izanik. Laugarrenean 13 boto eskaxen mentsa izan dute. Egia esan, 2015eko Kortsikako asanblearako hauteskundeetan garaituz gero aurreikusten zen emaitza historikoa izango zela. Alabaina, duela bi aste europarlamentario ohien bileran Max Simeoni abertzale historiakoak oso zuhur mintzatu zitzaidan emaitzei buruz: bi posible ikusten zituen, gehiago zail. Ba, pozik egongo da Max tronpatu egin bada ere. Pe a Corsicak botoen % 33a eskuratu ditu eta iparraldeko bi barrutietan, non buruan gelditu den, eserlekua lortzeko aukera erreala du. Bejondeiela.

Paul Molac-en emaitzetatik haratago Bretrainian UDBk babestutako Oui à la Bretagne hautagaitza erregionalista bigarren itzulian izango da barruti batean. Hau ere lorpen handia.

Bestetik, Altsazian ere berri pozgariak daude. Unser Land ALEko alderdiak 2015eko eskualde-hauteskundeetan izaniko gorako joerari eutsi dio eta barruti batean bere hautagai batek bigarren itzulira pasatzea lortu du.

Ipar Kataluniako eta Okzitaniako berriek ohikoaren bidetik jarraitu dute eta bertako abertzaleek oso emaitza eskasak lortu dituzte.

Hauteskunde arraroak izan dira hauek, jendearen arreta bereganatu ez dituztenak. Akaso, hauteskunden presidentzial gertuen ajea jota, hauteskunde haietan Macronek izandako garaipena balekotzat jo du hauteslegoak eta ez dio zaildu nahi izan lana Asanblean bestelako indar bati indarra emanik. Nork daki? Jakingarria da zerk eragin duen abstentzio oso handi hori eta bereziki nori egin dion kalte.