Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

EBri eskatu diote irratigintzan hizkuntza minorizatuak indartzeko politikak bultza ditzan

2014/01/18

Europako Parlamentuko Kultura eta Hizkuntza Minorizatuen Taldeartekoaren aurrean aurkeztu dira joan den urrian eginiko ‘Irratigintza eta hizkuntza minorizatuak’ jardunaldiaren ondorioak

Joan den urriaren 16an ‘Irratigintza eta hizkuntza minorizatuak’  izeneko jardunaldia burutu zen Europako Parlalamentuan Inaki Irazabalbeitiak, Aralarreko europarlamentariak, antolatuta. AMARC irrati asoziatiboen nazioarteko elkartea eta Eurolang-en, hizkuntza minorizatuen Europako elkartea, izan zituen laguntzaile.

Elkarte bi horien ordezkariak agerraldia egin dute EPko Kultura eta Hizkuntza Minorizatuen Taldeartekoaren aurrean jardunaldien ondorioak esplikatzeko.

Sally Galina AMARC-Europako ordezkariak irrati asoziatiboek hizkuntza minorizatuen alorrean egiten diharduten lana azpimarratu du, lan hori Europatik kanpo ere egiten dihardutela eta Hegoameritako jatorrizko hizkuntzen adibidea aipatu du. Dena dela, irrati asoziatiboen egoera legal desberdina Europako estatuen arabera ez dela onargarria azpimarratu du ‘Europa mailako politika bateratua, irrati asoziatiboen egoera legala bermatuko duena, beharrezkoa da. Irrati asoziatiboentzat espektro elektromagnetikoaren zati bat gorde behar da.’

Isabel Lema, AMARCko Hizkuntza Minorizatuen lantaldeko kideak, azpimarratu da komunikabideak jardunaliaren ondorio moduan erabaki duela hizkuntza minorizatuen alorrean lantalde berezi bat abiaraztea, alor horretan erakundearen politikak eta estrategiak lantzeko.

Davyth Hicks, Eurolangeko zuzendariak, seinalatu du EBk estrategia berariazko bat bultzatu beharko lukeela hizkuntza-gutxiengoen egoera indartzeko. ‘Europako Batasunak ijituei buruzko estrategia bat landu badu, zergatik ezin du gauza bera egin hizkuntza-gutxiengoen kasuan?’ galdetu du. Bere ustez estrategia horretan komunikabideak ezinbestekoak dira eta, are gehiago irratiak, jendearengan errazen iristen den komunikabidea delako.

Bukatzeko, Inaki Irazabalbeitiak konferentzian parte hartu dutenen lana eskertu egin du. ‘Espero dut konferentzia honen konklusioek lagunduko digutela guri, europarlamentarioi, ekimen eta politika egokiak diseinatzeko eta bultzatzeko. Bestetik, irratigintzan dihardutenek ere jarraibideak eta proposanak aurkituko dituzte beren lana egokiago egiten laguntzeko.’