Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nabigazioa

Inaki Irazabalbeitia

Eurodiputatu-ohia, Aralar

Karabakh Garaiko Alderdi Demokratikoaren IV. Kongresuan

2014/06/22

Inaki Irazabalbeitia europarlamentarioa Karabakh Garaiko, Artsakh-eko, Alderdi Demokratikoaren IV. Kongresuan izan da ALEren ordezkaritza batean.

ALEko hiru kide Ana Bidania, Miguel Martinez Tomey eta Inaki Irazabalbeitia Stepanakerten, Karabakh Garaiko hiriburuan, izan dira Alderdi Demokratikaren kongresuan. Alderdi demokratikoa Artsakheko bigarren indarrik handiena da eta gobernukidea da koalizio-gobernu batean.

Halaber, Ashot Ghulian, parlamentuko presidentearekin eta Suren Grigoryan, Stepanakert-eko alkatearekin bilerak egin dituzte.

Aurten bete dira 20 urte Azerbaijanen eta Karabakh Garaiaren arteko gerraren su-etena ezarri zela. Hala ere, egoera ez da tentsiorik gabekoa, bakerik ez baita sinatu Bakuko gobernuak ez duelako onartzen Karabakh Garaiko herritarren autodeterminazio-eskubidea. ALEren ordezkaritzak kontaktu-lerroa, hots, garai bateko gerra-frontea, bisitatzeko aukera izan du eta bertako egoera ezagutzeko parada izan du. Karabakhien lubakietatik azerien lubakiak ikuskatzeko aukera izan dute ALEko kideek. Su-etena egonik ere, egoera ez da tentsiorik gabea eta ia egunero gertatzen da tiroketa bat edo beste. Ezein unetan gerra berpizteko aukera ez da urrunekoa.

Karabakh Garaiko erakundeetako ordezkariekin izandako bileretan Inaki Irazabalbeitiak azpimarratu du autodeterminazio-eskubidea oinarrizko eskubidea dela eta gaineratu du nazioarteko komunitateak, eta bereziki Europako Batasunak, ahalegin handiago egin luketela Nagorno Karabaheko gatazkari konponbide demokratikoa eta baketsua emateko. ‘Konponbidearen oinarrian karabakhien autodeterminazioak egon behar du, ezinbestean’ adierazi du europarlamentarioak.